Trama (sareak)

Trama sarbide mailan bidaliko dugun informazio unitatea bezala defini daiteke. Trama horiek zein eremu dituzten, eta trama horiek nola igorri eta hartu behar diren definitzen da Ethernet sare baterako sarbide-protokoloan (Ethernet izen bera duen protokoloa). Ethernet motako sareetan erabiltzen diren trametan hiru atal nagusi bereiz daitezke: goiburukoa (helbide fisikoen informazioa eta bestelako informazioa duena), datuak (igorleak bidalitako mezua bera duena), eta erroreen zuzenketarako atala (errore bat gertatzean hau atzemateko balio du).

Honela funtzionatzen du sarbide-mailak, trama bat bidali edo jasotzeko: Aplikazio-mailatik hasita, garraio-mailatik eta IP mailatik pasata, dagozkien goiburukoak gehituz, datagrama sarbide-mailako entitateari iritsiko zaio. Kasu honetan sare-txartelaren driver-ari (Sarbide mailako interfazea) emango dio datagrama IP entitateak, bere sareko zein konputagailuri eman behar dion datagrama esanez. Driverrak sarbide mailako informazio-unitatea sortuko du, eta goiburuko informazioa datagramari gehituta trama sortuko du. Sare mota bakoitzak protokolo bat du, beraz, goiburukoa ezberdina da protokoloaren arabera. Azkenik sare-txartelak, sarean ipiniko du trama, eta sarea arduratuko da trama hori lehen bideratzailera iristeaz. Bideratzailearen sarbide mailak trama jasoko du, goiburukoa kendu, eta IP entitateari emango dio. Prozesu hau errepikatuko da helburuko konputagailura iritsi arte. Konputagailuko sarbide entitateak datagrama erauziko du tramatik, eta IP entitateari emango dio, honek datagramaren goiburukoa begiratu, eta TCP edo UDP-ri emango dion aztertuko du. Azkenik, garraio mailako entitateak, segmentuaren goiburukoa ikusita, komandoa zein aplikaziori eman argituko du, eta dagokion interfazea erabiliz, emango dio.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy